IKT atala

Atal honetan IKT-n egindako guztia dago; hasierako probetatik abiatuz, azkenekoetaraino

IDAZLANAK

Atal honetan seihileko osoan zehar idatzitako idazlan guztiak jarri ditut:


AURKEZPENA
Ni, Oihane Solano Guillén, Burlatakoa eta 18 urteko neska naiz. Gurasoak Carlos eta Mª Cruz dira, biak Leringoak. Anaiak Joseba du izena eta Burgosen ikasten du. Ni irakasletza egiten ari naiz, eta horretarako, batxilergoa Askatasuna insitutuan egin nuen; osasun zientzien adarra, alegia. Aurreko ikasketak Paz de Zignada ikastolan egin nituen, eta bertan lan egitea gustatuko litzaidake. Ikastolaren bidez bi hizkuntza titulu lortu nituen: euskarako eta ingelerako B1ak. Geroago, batxilergo lehenengo mailan, EGA atera nuen.
 Nire zaletasunei dagokienez, irakurtzea eta idaztea gustatzen zait, baita musikaren inguruko ekintzak ere (jo, entzun eta abestu). Kitarra jotzen ikasten ari naiz, eta pianoa jotzen ikastea gustatuko litzaidake. Bidaiatzea ere asko gustatzen zait, gurasoei eta anaiari bezala; horregatik, Europan zehar joan gara zenbaitetan. Esan behar da Erasmus egin nahiko nukeela, gehiago bidaiatzearren eta ingelera hobetzearren.



NARRAZIOA
1.- Neri gertatutakoa
Aurtengo udan, herriko jaiak zirela, egunik hoberena iritsi zen; Pochada izeneko egunean, lagun-talde guztiek kale Nagusian zehar bazkaltzen dute. Babarrunak udaletxean egiten dira eta hirurak puntu-puntuan hauek hartzera doa jendea.
Nire lehengusinak eta biok nire izeba eta haren lagunekin bazkaltzen dugu egun horretan eta oso ongi pasatzen dugu. Esan bezala, aurten ere iritsi zen eguna eta euria ari zuen. Halere, izeba eta lagunak bertan zeuden jada hamaiketakoa jaten eta nire lehengusinak eta biok gauza bera egin genuen.
Babarrunak jasotzeko ordua iritsi zen, bion artean lapikoa hartu eta udaletxeraino joan ginen. Babarrunak eman zizkigutenean gure mahaiaraino joan ginen berriro eta paperezko mantela urez blai zegoenez, izeba eta lagunak dena mugitzen hasi ziren. Hau da, mahaia busti ez zedin, enparantzara joan eta oholen azpian jarri genuen guztia.
Orduan, izebaren lagun batek esan zuen bertan ezin genuela bazkaldu haize-korrontea zegoelako. Hori eztabaidatu eta gero, gauza guztiak berriz hartu eta haien Piperora, hots, bazkaltzeko eta afaltzeko erabiltzen duten etxabera, eraman genuen guztia.
Azkenean, bertan bazkaldu eta kalera atera ginenean, beste lagun-talde guztiak kalean bazkaldu zutela ikusi genuen.

2.- Beste bati gertatutakoa
Duela bizpahiru hilabete herrian katutxo bat daukagula eta etxe atzeko patioan egoten da gehienetan, etxean sar ez dadin. Gaztea izan arren, oso azkarra eta mugitua da eta oraindik ez du kontrolatzen hortzekin egiten duen indarra.
Egun batean, amona patiora irten omen zen baina ez omen zuen katua bertan ikusi. Tristuraz, eskapatu zela pentsatu omen zuen eta berari deika hasi omen zitzaion. <<Kira? Non zaude? Kira, zatoz hona!>>. Esfortzu asko egin zituen arren, katua ez omen zen inondik ageri. Hala ere, deika jarraitu omen zuen minutu batzuz.
Azkenean, amore eman omen zuen eta barrura sartzeko atea ireki zuenean, katua etxetik atera omen zen eta amona poz-pozik gertatutakoa pentsatzen hasi. <<Zu barruan baldin bazeunden, ni ateratzean sartuko zinen; baina oso azkar egin duzu, ez naiz konturatu-eta!>>.
Ondorioz, amona lasaitu omen zen eta orain barrezka kontatzen du pasadizo hori.


FILM BATEN LABURPENA
Alice in Wonderland edo gaztelaniaz Alicia en el País de las Maravillas Tim Burton zuzendariaren filmetariko bat da. Disney-k egindako filmaren izenburu bera eta argudio antzekoa dauka. Esan daiteke honen bigarren partea dela; izan ere Alicia, pertsonaia nagusia, helduago dago eta ez da lurralde magiko horretara lehen aldiz joaten.
Film honetan, Alicia gizon batekin ezkondu nahi dute, baina gizonak harekin eskontzea eskatzen dion momentuan, presaka balego bezala doan untxi txuri trajedun bat ikusten du. Bere ametsetan ikusitako untxi bera denez gero, bere atzetik hasten da korrika egiten gizona eta beste guztiak aho-zabalik utziz.
Untxiak zulo batean behera eramaten du, eta han dagoen lehenengo aldia balitz bezala, ez daki zer egin behar duen ate txiki batetik pasa ahal izateko. Untxiak, sagutxo batek eta biki gogaikarriek beldar urdinarengana eramaten dute eta hark azaltzen dio zergatik dagoen han eta zer egin behar duen. Hots, Erregin Gorria erregetzatik kendu behar du gehiago hil ez dezan.
Baina arazoa da Aliciak lehenago egindako bisita gogoratzen ez duela; beraz, ez daki  zer egin behar duen erregina akabatzeko eta lehen aipatutakoek, katuak, Kapelugin eroak, txakur batek eta Erregin Txuriak laguntza ematen diote.
Azkenean, bi erreginen tropek topo egin eta Aliciak eta Erregin Gorriaren dragoiak borroka hasten dute. Aliciak dragoia hiltzerakoan, Erregin Txuriak bere ahizpa, Erregin Gorria, Lurraldetik kanporatzen du eta bere burua izendatzen du benetako erregin bakarra. Aliciak hartaraino iristeko, amets batean ez dagoela ulertu behar izan du eta orduan, agur esateko momentua heltzen da.
Errealitatera itzultzean, gizonari ezetz esaten dio eta bidaiatzen ematen du bizitza. Filma Alicia itsasontzi batean dagoela tximeleta urdin bat ikusten duela amaitzen da.
Asko gustatzen zaidan filma da, arrazoi askorengatik; hasteko, film ezberdina da, originala. Jarraitzeko, denok dugun erotasun puntu hori gogorarazten digu. Gainera, fantasiazko mundu arraro baina polita erakusten digu. Eta gustokoak ditudan zenbait antzezle agertzen dira, esaterako, Anne Hathaway (Erregin Txuria). Bukatzeko, Tim Burtonek zuzendutako filma da, eta berak egindako beste film batzuk ere gustoko ditut, hala nola, La novia cadaver eta Pesadilla antes de navidad.

“Zertan dira berdinak  bele bat eta idazmahai bat?”



ERREZETA
Crepak gaztaina kremarekin
Crepen masa egiteko osagaiak:                            Gaztain krema egiteko osagaiak
-4 arraultz                                                                -3/4 kilo gaztaina
-Gatz pixka bat                                                         -Esne litro bat
-2 katilu irin                                                                  -Gurina
-2 katilu esne
-1/4 katilu gurin

ELABORAZIOA:
Hasteko, gaztaina krema egingo dugu. Horretarako, gaztainak egosi behar ditugu 15 minutuz. Ondoren, azala kenduko diegu eta ontzi batean utziko ditugu. Gaztainak egosten diren bitartean, esnea irakiten jarri, eta gaztainak zuritutakoan, irakiten dagoen esnera botako ditugu. Horrela egosiko ditugu, baina oraingoan ordu betez eta su geldoan prestatuta.
Hori egindakoan, esnea kendu,  gaztainak txikitu eta bi koilarakada gurin gehituko diegu gaztaina txikituei. Ongi nahasi eta gaztaina krema egina egongo da.
Jarraitzeko, crepak egingo ditugu. Lehenik, arraultzak apurtu eta ontzi batera bota behar dira; horiei gatza gehitu behar zaie. Nahi izatekotan, azukrea ere bota daiteke. Ondoren, ontzian dagoena nahasi egin behar da.
Bigarrenik, irina gehituko diogu eta ongi nahasi arte eskuz irabiatu. Honi esnea gehitu eta berriro ere irabiatuko dugu. Kontuz izan irinarekin; ongi nahasi multzokaturik gera ez dadin. Azkenik, gurina mikrouhinean urtu eta giro tenperaturan dagoenean, ontzira gehitu eta nahasi.
Zartagin bat hartu, eta olioa bota beharrean, gurin pixka bat bota. Bero dagoenean, sua baretu eta burruntzail baten laguntzaz lehenengo crepa egingo dugu. Hau ez bada oso ongi ateratzen, lasai, zartagina prestatzeko erabil dezakegu-eta.
Crepak zartaginean daudenean (ia eginak daudenean), gaztaina krema apur bat bota, crep osoan zehar barreiatuz. Kontuan izan crepak egin ahala, gurina gehitu beharko dugula zartaginean.

AURKEZPENA:
Plater bakoitzean crep bat jarri bi aldiz erditik tolesturik. Gainetik gaztaina krema gehiago gehitu, nahi den itxura har dezan. Azkenik, “glass azukrearekin” apaindu eta crepak jateko prest egongo dira.


IPUINA
 BUKAERA ETA HASIERA
Bazen leku bat non ipuinen pertsonaia guztiak zoriontsuak ziren. Leku hori desagertu zen pertsonaia gaiztoak eta onak agertu zirenean. Hori gertatu baino lehen, epe motz bat egon zen.
Garai hartan, Smoosh izeneko ipotxa bizi zen basoaren erdi-erdian. Smoosh aberats okitua zen eta herrira joaten zen egunero gauzak erostera. Herrian zegoela, komunera joateko gogoa sartu zitzaion, baina komunetako kisketa guztiak apurtuta zeuden. Beraz, hurbil bizi zen adiskidearen etxera joan zen eta bertan komunera joan zen.
Etxea ikusita, bere laguna erreka zolan zegoela ikusi zuen, baita oinazea zuela ere. Ez zen bera bezain zoriontsua eta hori konpontzeko, magikoa zen zaldi zuria oparitu zion.
Handik gutxira, Smooshek bere laguna tximistak joa gaixotu zela entzun zuen; dena zaldi horren erruz gainera. Bisitan joan zenean, laguna oso haserre zegoela ikusi zuen; izan ere, ikusi bezain laster lepora bota zitzaion, Smooshen ileordea lurrera botaz. Smoosh kiskun-kaskun defendatu zen eta biak lurrera erori ziren. Gure pertsonaia altxatzean, bere lagunak erortzeko mina zuela ikusi eta hanka egin zuen.
Eta horren ondorioz sortu ziren pertsonaia onak eta gaiztoak.


LEHENGUSINAREN DESKRIPZIOA
Lehengusina Natalia deskribatuko dut. Hasteko, 11 urte ditu; beraz, oraindik hazten dagoela esan behar da. Bere adinerako, bitarteko altuera duela esan daiteke, baina garaiera irabazten du zuzen jartzen den bakoitzean; ohitura baitauka sorbaldak pixka bat erlaxatzeko eta makurtzeko. Horren ondorioz, tripa ateratzen du, bizkarreko arkua gehiago kurbatuz. Baina ez da lodia, asko ez behintzat.
Bere aurpegia borobila da, ez gehiegi ordea. Eta bekain finak dauzka. Begiei dagokienez, marroi ilunak dira, eta betile luzeek babesten dituzte. Sudurra ere borobildua dela esan daiteke, eta ez oso luzea. Bekainen moduan, ezpainak ere finak dira.
Ile belzkara eta motza dauka, baina lehenago luzea zeukan eta hagitz hobeto zegoen adatsarekin. Ile asko duela esan behar da, hori aitarengandik jaso duela uste dugu, berak ere ile aunitz duelako. Pena da azkenaldiotan koipetsua izaten duela; ziurrenik adinagatik eta hormonengatik izango da.
Gorpuzkerari dagokionez, nahiko sendoa dela esan dezakegu; hankak bereziki, sendoak eta luzeak dira, eta horren eraginez azkar xamarra da. Indartsua ere bada, ziur asko bere adineko mutil iharrak baino askoz ere indartsuagoa dela.
Eta azkenik, polita da; eta ez dut esaten nire lehengusina delako, berez polita delako esaten dut.
Eta horrelakoa da Natalia.


JANTZIAK
Klasera joateko, arropa arrunta erabili ohi dut, hots, galtza luzeak, mahuka luzeko edo motzeko kamisetak eta Converse edo antzerako zapatilak. Izan ere, janzkera honekin eroso sentitzen naiz eta hainbeste ordu eserita egoteko ez zait deserosoa den arropa janztea gustatzen. Baina batzuetan gehiago lantzen dut jantziko dudana; kamiseta arruntak izan beharrean, politagoak direnak edo alkondara alaiak janzten ditut. Gutxitan soinekoak edo gonak jartzen ditut, ez baitira erosoegiak, baina janzterakotan galtzerdi luzeekin izaten ohi da, batez ere neguan bagaude. Aldagarria ere erosoa bilatzen dut.
Oporretara joateko arropa urtaroaren eta lekuaren araberakoa da. Neguan hotz egiten duen leku batetara joatekotan, galtza luzeak, mahuka luzeko kamisetak, mendiko botak eta horrelakoak janzten ditut. Udan bero egiten duen leku batetara joatekotan, mahuka motzeko kamisetak, galtzamotzak, oinetako irekiak, soineko arin eta freskoak... eta askotan bikinia. Udan epela edo hotz samarra den klima duen leku bat aukeratuz gero, Mutur batean eta bestean aipatutako guztia da baliagarria: galtzamotzak eta luzeak, botak eta oinetako irekiak, mahuka luzeko eta motzeko kamisetak...
Azkenik, kirola egiteko erabiltzen dudan arropa oraindik erosoagoa da. Txandala janzten dut, baina ez dagoeneko eginak daudenak, txandaleko galtza, kamiseta arrunta eta beste edozein jaka baizik. Aldatzekoa ere erosoagoa izatea bilatzen dut, eta oinetakoei dagokienez, kirol oinetakoak erabiltzen ditut.    




NIRE IZAERA
Hasteko, nire buruaz gustatzen ez zaizkidan ezaugarriak aipatuko ditut. Ni nahiko nagia naiz, eta beti esan dut nekatuta jaio nintzelako dela. Nagi izate hori lasai izatearen barne dago, eta alferra bihurtzen banau ere, gauza onak ere eragiten ditu lasai izate horrek; esaterako, zerbaiten aurrean ez urduritzea, gehiegi ez estresatzea, etab. Gauza txarrekin jarraituz, batzuetan bekaizkorra naiz, batez ere txikia nintzenean; beraz, esan dezaket aspektu hori ezabatzen saiatu naizela. Gainera, ez naiz oso jendekoia eta zaila egiten zait ezagutzen ez dudan jendearekin harremanak edukitzea.
Jarraitzeko, argia naizela esan dezaket eta ez zait gehiegi kostatzen zerbait barneratzea; hortaz, nagia eta alferra banaiz ere, nota onak ateratzea lortzen dut. Nitaz gehien gustatzen zaidana egoeretara amoldatzeko ahalmena da; txintxo nago txintxo egon behar dudanean, bihurria naiz lagunartean giroa dagoenean.
Horretaz gain, alaia naizela esan behar dut. Arduratsua naizen arren, askotan ardura horiek pozik aurrera eramatea gustatzen zait edota, arduraren garrantziaren arabera, alde batera uztea. Hala ere, zerbait alde batera uzten badut momentu konkretu batean izaten da, hau da, momentu horretan ez bada, beste momentu batean egiten dut.
Ez naiz gezurtia; gezurtzen dudanean asko nabaritzen zait eta gainera ez zait gustatzen gezurrak esatea. Halere, sorpresa bat emateko denean edo horrelako gauzetarako gezurtzea ongi iruditzen zait.
Eta bukatzeko, ez naiz oso burugogorra; zenbaitetan bai, baina ez beti. Eta egia da batzuetan haserretzen naizela nahi dudana lortzen ez badut, baina oso azkar pasatzen zait; beraz ez diot garrantzi handirik ematen. 


LEHENGUSINAREN IZAERA
Lehengusinak Betiñe izena du eta estresatuta bizi da. Gauza asko ditu buruan eta erraz estresatzen denez, bizimodu azkarra dauka. Baina hori ez da Betiñe definitzen duen aspektu bakarra, ezta garrantzitsuena ere. Betiñe oso pertsona ona da, beti dago laguntzeko prest, eta ez lagun eta familiakoei soilik. Afrikako egoerak asko kezkatzen du eta gauza asko egin nahiko lituzke bertako jendea laguntzeko.
Ez da batere alferra, asko saiatzen da egin behar duen guztia ongi egiteko, eta hala ere, ez zaizkio gauza guztiak ongi ateratzen. Askotan, goizegi amore ematen du, berak uste baitu ezin duela gehiagorik egin, ete bere uste horretan burugogorra da.
Neska alaia da, eta ez da gehiegi kostatzen bera irribarretsu ikustea. Bere algara ez da isila, baina zalapartatsua bada ere, aise eta pozik barre egiten duzu harekin. Gainera, oso zintzoa da eta ez du gezur askorik esaten.
Egia da zoro antzera dabilela batzuetan, baina denok egiten dugu horrelakorik noiz edo noiz; eta erotasun puntu hori da Betiñeren deskribapena bukatzen eta borobiltzen duena.